XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) haurra errealitatearekiko harreman gordinean hezi beharra eta ikuspegi alienatuen eragin zapaltzailea behin eta berriz aldarrikatu dizkigute lau haizetara.

Baina gizakiak plazerra ere behar omen, eta teknologiak plazer elementuak hartu eta era itxuragabean ugaldu ditu irudimenaren kontsumorako.

Arrazionalismoaren ondotik datorren teknokraziak kontsumoaren ugalketa itxuragabea dakar, maila orotan, azkenik alienazioaren iturririk oparoena bilakatuz, paradojikoki.

Zientzia sagaratua irudimenaren garrantziaz zientifikoki jabetzera iritsi denean, plazerraren teknologia ikertua izan denean, irudimenaren mundura ere iritsi da teknokratismoa; teknologiaren bidez irudia eta hitza mugarik gabe ugaltzeko eta deformatzeko aukera sortu da; batez ere telebistako marrazki bizidun horien bidez, edo editorialen boom-aren bidez, tradizioz zetozen ipuinak txirtxilatu eta era guztietako odolkiak eta lukainkak eskaintzen zaizkio haurrari; noski, gure gaurko gizarte aurreratu honi erantzun nahi izatekotan, aspaldiko ipuin zaharkitu horiek egokitu eta itxuraldatu beharra baitzegoen.

Eta ohe ondotatik ahots zahar eta epelak aldendu eta telebistako kontaketa koloredunak edo magnetofoietako ahots musikalak ekarri dira.

Amonaren irudi borobilaren lekua telebistak hartu du; aitonaren ahots oihartzuntsuarena, bafleak.

Baratzara joan beharrean, supermerkatura jotzen dugu janari bila; era berean, pertsonengana jo beharrean, mass media horiengana jotzen dugu istorioak eta irudiak kontsumitzera.

Gure neguak ez dira hain negu, eta tenperaturaz lehen baino epelago bagaude ere, lehen izpiritua epeltzen zuen hitza galduz goaz; eta horrek hutsunea eta egarria dakar gerora, asetzeko nekeza.

Zer esanik ez, hori guztia sormenaren eta fantasiaren izenean.